|
Lea
Ibarreko ekonomiaren motorea bilakatu da bere hastapenetik bertatik.
1970eko hamarkadan, Lea Ibarreko gazteriaren artean herri txikion
hondamendiari aurre egiteko mugimendu bizi bat sortu zen, bereziki
euren burua eskualdetik kanpora lan bila emigratu beharrean ikusten
zuen herri txikiotako gazteriaren artean.
Lehen sektorearekiko erabateko menpekotasunak ondorio kaltegarriak
ekarri zizkion bailarari. Zoru industrialik ez zegoen eta enpresak
sortzeko tradiziorik ere ez. Langabetuen kopurua izugarri handia
zen eta, gainera, aukerarik ere ez zegoen etorkizunari begira. Hau
dela eta, jende gazteak alde egiteko joera zuen eta bailara heriotzarako
bidean zen. Beharrezkoa zen bide berriak zabaltzea, bailararen nortasuna
mantenduz eta indartuz.
Udal demokratikoen etorrerarekin, mugimendu sozial hau eta bere
proposamenak indar handia hartuz joan ziren, eskualdearen garapena
bermatzeko benetako aukera eta ardatza izatera iristeraino. Proposaturiko
plangintza zabal horren barnean kokatzen zen eskualdearen beharrizanei
erantzungo zien industrigune baten sorrera ere.
Lea
Ibarreko Udal Txikien Mankomunazgoaren sorrerarekin urrats berri
eta garrantzitsu bat eman zen bailararen garapenerako bidean. Erakunde
honek denbora luzez egindako gestioen ondorioz, 1984ko abenduan,
Okamikako Industrialdea, S.A. erakunde publikoa sortzen da Bizkaiko
Diputazioaren erabakiz. Bere helburua Okamikako Industrigunea bultzatzea
eta bailarako ekonomiaren eragile bilakatzea da.
Gauzak horrela, Bizkaiko Diputazioak, bazkide bezala jarritako 80
milioiko kapital soziala lorturik, industrigunearen proiektuari
ilusioz beterik ekin zitzaion. Lehen urteak pasatuta, Eusko Jaurlaritzak
ere, SPRILUR erakundearen bidez, Okamikako Industrialdearen aldeko
apustua egin zuen, entitatearen kapital publikoaren gehiengoa bereganatuz
eta jarraian etorriko ziren fase berrietarako indar berria txertatuz.
Ordurako, industrigunearen lehen fasea buruturik eta zenbait enpresa
berri ere bertan kokaturik zegoen.
Gaur
egun, ia 750 milioiko kapital publikoa lortu ondoren, azpiegiturak
hobetzeko inbertsio handiak egin dira. Fase berriak eraiki dira,
arazketa-sistema konplexua jarri dira eta, guztira, 22.000 m2 erabilgarri
osatzera iritsi diren industri pabilioiak eraiki dira.
Industrialdean eraikitako azalera horren %95 erabat hartuta dago
gaur egun. 30 enpresak jarduten dute bertan eta horietarik 24 sortu
berriak dira, 400 lanpostu baino gehiago sortu dituztelarik. 2001.
urterako pabiloi berri baten eraikuntza aurreikusten da, eta hurrengo
urteetarako beharrizanei aurre egingo dien zabalkuntza proiektua
eta plangintza ari dira prestatzen.
Zer
eskaintzen du Industrialdeak:
Bailararen
berezitasunak kontutan izanik, enpresa proiektu berriak bultzatzeko
eta eragileak prestatzeko, promozio-ekimen berezi bat egitea eta
bereziki horretarako behar den azpiegitura osatzea.
Hori
horrela, Okamikako Industrialdeak eskaintzen dituen zerbitzuak honela
labur genitzake:
- Pabilioia
eskatzen duten enpresek euren beharretara egokitutako modulu industrialak
eskuratzen dituzte.
- Finantzabide
eta ordainketa modu bereziak: Tokia eskuratu ahal izateko, hileroko
kuota baten bidez, bederatzi urtetan ordaintzeko aukera eskaintzen
zaie. Jarduera ekonomikoaren bideragarritasuna eta kuotak ordaintzea
besterik ez da eskatzen berme moduan.
-
Proposamen eta enpresa proiektu berriak abian jartzeko tokia eta
aholkularitza. Horretarako, ezinbesteko tresna bilakatu den "Legamin"
enpresa berrietarako mintegiaz baliatzen da.
- Beste
hainbat zerbitzu:
- Industrialdean kokatutako enpresei egokitutako zerbitzu bateratuak:
telexa, telefaxa, telefonogune automatizatua, bilera-gela, hitzaldi
eta formazio aretoak, enpresen arteko koordinazioa.
- Kafetegia eta eguneroko bazkariak, egoitza nagusian dagoen enpresa
baten bidez.

|