|
Ezaugarri
geografikoak
Bizkaiko
mendirik garaienean duen sorburutik hasi eta itsasoratzen deneraino,
Lea ibaiak aspaldidanik ildokatzen zuen lurraldeari deritzo Lea
Ibarra. Ibai baten izenak eta izanak taxututako bailara dugu beraz.
Kantauri Itsasoak edo Bizkaiko Golkoak mugatzen du iparraldean,
Durangaldeak hegoaldean eta alde banatan, alegia ekialde eta mendebaldean,
Artibai ibarrak eta Busturialdeak eta Urdaibaiko biosfera naturalak.
Administratiboki, Bizkaiko lurralde historikoa osatzen duten zazpi
eskualdeetarik mendebaldekoenean dago lurralde hau, Gipuzkoatik
gertuenekoan, alegia Lea-Artibai deiturikoan. Zazpi udalerri biltzen
dira Lea ibaiaren arroan, hegoaldetik hasita, Munitibar, Aulesti,
Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa, Ispaster eta Lekeitio, hurrenez hurren.
Lehen bost udalerriek, ezaugarri geografikoak eta sozioekonomikoak
oso antzekoak izaki, elkarri estuki lotuta daude, eta harreman sendo
horrek Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa sortzera eraman zituen. Bost
udalerriok eta Mankomunazgoa bera dira hain zuzen ere, lan honen
sustatzaile, ardatz eta helburu. Aurrerantzean, Lea Ibarra aipatzen
den bakoitzean Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexa
herriek osatzen duten inguruaz ariko gara batik bat.
Malkarrez,
muinoz eta tontorrez jositako eremua dugu Lea Ibarra. Ibaia lerro
zuzen bihurtzerik balego eta Oiz menditik itsasora bitarteko tartea
neurtuko bagenu, hogei kilometro eskasetan 0tik 1.024 metrorako
altuera-aldea bistaratuko litzaiguke hegotik iparrerako mugetan.
Gutxi dira lur lauak. Izan ere, Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa
osatzen duten bost udalerrietarik bi –Amoroto eta Mendexa– tontorretan
eraikita daude, eta gainerako hirurak –Gizaburuaga, Aulesti eta
Munitibar– mendien magaletan. Ba da, hala ere, eremu baxu eta hondartsurik.
Esate baterako, Mendexako Karraspio hondartza. Paraje gozoak eta
gailur zelatariak, itsas usaina eta mendi haizea, nekazaritza eta
arrantza giroak plano berean... Aise begitanduko zaigu naturaren
aberastasunez, kontrastez eta liluraz beteriko lurraldea.
|