Lea Ibarra Amankomunazgoa - Munitibar - Aulesti - Gizaburuaga - Amoroto - Mendexa

Mendexako Auzo bat
Gizonak Lanean Baserrian
Aintzinako Iturri bat

Aulesti - Historia

Gaurko izen ofiziala Aulesti bada ere, Murelaga dugu sortzez, edo, beste modu batera esanda, Murelaga dugu elizatea eratu zeneko izena. Aulesti parroki inguruko kalearen izena genuen. Izatez herria Murelaga zen eta herritarren bizitokiari (gaztelerazko "pueblari") deitu zitzaion Aulesti.

1979ko abuztuaren 9an erabaki zuen Udalak Aulesti hartzea izen ofizialtzat. Aulestiko herritarrek bi erregidore zituzten Gernikako Batzar Nagusietan. 19. botoa eta eserlekua hartzen zuten. Lehenengo jabea Nafarroako noble bat izan zen: Diego Garcia (X. mende amaieran).

Aulestiko auzo bakoitzeko baseliza bana eraiki zuten Erdi Aroan. Baselizok, otoitzerako lekua izateaz gain, nortasuna ematen zioten auzoari, eta bertakoak biltzeko guneak ere baziren. Garai hartan hildakoak baselizaren inguruan lurperatzen zituzten, baina pixkanaka Aulestiko Donibane elizara jo zuten.

Aulestiko elizatea edo Murelaga, auzo guztien batasun administratibo eta politikoa lortzeko sortu zen XIII. mendean. Horretarako, baseliza parrokia bilakatu zen eta agintea instituzionalizatu egin zen. Batasun honen oinarri eta zuzendari Aulestiarren oinetxekoak izan ziren, eta hauek izan ziren boterearen patriarkalizazioaren benetako bultzatzaileak, lurralde osoa euren menpe jartzea lortuz.

Lehengo gizaldietan gure politika familia batzuen gorabeheran ibiltzen zen: Oinaztarrak eta Ganboatarrak ziren. Eurekin batzen ziren herrietako beste familia ezagunenak eta hauek euren giroa sortzen zuten herrian, eragin handiko familiak izaten zirelako. Horrela, Aulestia dorretxea oinaztarren aldeko agertu zen beti, eta herria ere eurekin eramaten zuten.
1495 urteko irailean hemen zegoen kale bakarra erre egin zen eta kalte handiak gertatu ziren.

Burdinolak:

Guztiz herri nekazaria izan bazen ere, Olagizonek izan zuten garrantzia azpimarratu behar da. Izan ere, lurraldearen kudeaketa ekonomiko osoa Murelagako olagizonen eskuetan zegoen. Beraz, horiei zegokien Errepublikaren lurren erabilera eta hartu behar ziren erabakiak hartzea, beste jurisdikzio batzuekin jartzen ziren auziei jarraipena edo bukaera ematea eta Bizkaiko Foruaren irakurketa berezia egin ostean jarduketen legegintza ezartzea.

Aulesti zerbitzugune eta botere-zentro gisa eratu zela uste da. Antza denez, Aulesti Hiri bilakatzeko, parrokiari zegokiona baino lurralde eta lege antolamendu zabalagoa behar zen.

Neurri handi batean, honek azaltzen du eskulangintza etaindustriaurreko jarduerak bereganatu izana, edota elizateko kofradiek lurralde osoaren kudeaketa onartu izana: berton ezarri zituzten udaletxea, tabernak, ostatuak, eliza, erlijio kofradiak...

Iturritzak Bizkaiko Kondairan aipatzen duenez, XVII. mendean hiru burdinola egon ziren Aulestin.

Ziortzako Kolejiata eta Murelaga:

Kolejiata X. mende ingurukoa dugu. Inguruan zituen mendi eta kortetan, belardi eta larretan etxe berriak jaso eta sortzean, bere jabetasunaren pean eduki nahi izaten zituen, eta loturak, batetik, errenta, primizi eta hamarren edo bestelako eskaintzetan gauzatzen ziren, baina, bestetik, sinesmen-giroko egin-beharretan ere sartu ohi zen. Horrela, askotan eliza beharretarako Ziortza berbera aukeratzera behartzen zituzten euren soroetan etxea zutenak, nahiz eta etxe horiek parrokia gertuago eduki. Horrela, Amoroto, Ajangiz, Berriatu, Gizaburuaga, Lekeitio, Lumo, Murelaga eta abarretako baserri batzuk, Ziortzan bete behar izaten zituzten sinesmen eta ohiturak. Hala, kilometroak egin behar izaten zituzten elizkizunetarako, bai hiletetarako eta bai gainerakoetarako.

Horren ondorioz sortu ziren, alde batetik, baserritarren ezin helduak edo heltzeko gogorik ezak eta, bestetik, eliza buruek geroz eta setatiago aritu beharra euren lurretan jasotako baserriei eskaintzak betearazten. Hortik datoz errentak ordaintzeko ezintasunak eta heldu ezin zirenei edo erantzuten makal zebiltzanei betebeharrak gogorarazteko premiak, batzuetan onez eta besteetan lege-gizonei laguntza eskatuta.

Ez zen Ziortzako Kolejiata bakarrik baserritarren gain zerikusia zeukana eta loturak ipintzen zituena. Hor baitzeuden inguruko baso eta mendien jabeak ere, batzuetan kondeak eta besteetan markesak. Azken gizaldian Mortarako Markesa zen errenta-biltzailea.

XIX. mendearen hasiera:

XIX. mende hasiera larria izan zen bertako etxe askorentzat. Orduko gerrak zirela eta, sarri eskatzen zitzazkion herriari gerrarako laguntzak, janarietan, jantzietan edota dirutan, herriak ezinbestean utzi beharrekoak.

Lehenagoko urteetan ere zorrak ezagutzen ziren etxe askotan, baina 1810. urtean, Thouvenet frantziar agintari militarrak aginduta, etxe guztiei banan-banan deitu eta zituzten sarrerak aitortzera eta euren egoera azaltzera behartu zituenean, etxerik gehienak zorretan zeudela adierazten zuten. Kontuan eduki behar da, gainera, ez zirela bakarrik etxe jabeak horrelako egoera agertzen zutenak. Errentan zuedenak ere, etxearen loturak euren gain zituztelalako edo beste aitzakiaren batengatik, zorretan egiten zuten euren aitormena. Zorrak nori? Batzuk elizari, beste batzuk herritarrei edo ingurukoei, konbentuei eta abar. Baserritarrek ez ezik, kaletarrak ere berdin egiten zuten. Udalak berak, urte horretan agertutako kontuetan, parrokiari 70.466 errial eta beste herritar batzuei 16.632 errial zor zizkiela esaten zuen. Beraz, udalak ere 87.098 errial zorretan zeuzkan, erantzun ezinez.

Ez da jakina zor horiek eraginik eduki zuten ala ez. Baina gauza bat ukatu ezina da: frantziarren gerrako eskabideek zotin handia eragiten zutela etxeetan, eskabideak erruki barik egiten zirelako eta inork ezin zuelako ordaindu gabe geratu, zigor handiagoen bildurrez, eta ondasunak hipotekatzeraino heldu ziren.

Santa Kruz apaiza Aulestin:

Santa Kruz apaiza eta bere taldea Santa Ageda bezperaren aurreko egunean sartu zen Aulestin, 1873ko otsailaren 3an, gaueko hamarrak inguruan, Munitibar aldetik zetorren euriak, elurrak eta ekaitzak gogor jotzen zuen batean. Atzetik Ansotegiren taldea zetorkion jarraiki eta abadetxera jo zuten aterpe eta bero bila.

Bi gizon ipini zituzten Munitibarko bidean, beste hainbat Lekeitiokoan eta berdin Gernikakoan, areriorik agertzen bazen horietako bat hantxe bertan zaindari geratzeko eta bestea ahalik lasterren horren berri ematera etortzeko. Hilaren laugarrenean, goizeko zortziak inguruan, Goikola-Etxebarritik zehar han zaindari zegoen gerrilarietako bat etorri zen arerioa Zubibarriaga aldetik zetorrela eta ordu erdi baino lehen agertuko zela esanez.

Horrela, taldeak Lekeitiorako bidetik irten eta Aulestitik ordu laurdenera dagoen Antzidor zubia igaro zuen, Learen eskuma aldera. Ibaia gainezka zetorren, bezpera gaueko ekaitzaren ondoren. Eta hantxe, Angiz gaineko Olarriako Bide Zidorraren inguruetan toki egokia eta aukerakoa lortu zuten.

Ansotegi, beste aldeko buruzagia, goizeko bederatzietan heldu zen Aulestira, eta geratu barik Antzidor aldera jarraitu zuen. Aurrekoak bertara heldu zirenean, atzekoak oraindik herritik irteteko zeuden. Lea ibaiaren ezker aldean bilatu zuten bere taldearentzako leku egokia, baina ez zen ausartu Santa Kruz zegoen aldera zubia igarotzen, berehala karlistek mendean hartuko zituztelako.

Ordubete baino gehiago egon ziren egoera hartan: aulestiarrak euren etxeetako leihoetan arretaz begira zeudela, elkar hiltzeko tiroketa noiz hasiko kezkati. Orduantxe parroko zenari goitik beherako joaldi batek eman zion, eta bertan hil zen.

Azkenez karlistek Berriatuko bidea hartu zuten, eta Ansotegi liberalak une batean jarraitu ondoren, atzera bihurtu eta Aulestin igaro zuen eguna.

Cookie-en Erabilera:
Leaibarra.com-ek, geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu.
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa, Elexalde 1 - 48289 GIZABURUAGA - Tel: 946842982 - Emaila: leaibarra@bizkaia.org - Web-Mapa - Irisgarritasuna - Lege-oharra - Cookie