Lea Ibarra Amankomunazgoa - Munitibar - Aulesti - Gizaburuaga - Amoroto - Mendexa

Bengola Munitibar

Mendexa - Leku eta Eraikin Interesgarriak

Karraspio Hondartza

Karraspio Hondartza.

2004. urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak hondartzen kalitatea hobetzeko sortutako programaren barne, ISO 9001 kalitatearen ziurtagira eta ISO 14001 ingurumenaren ziurtagiria lortu zituen Karraspio hondartzak.

Lea Ibarrean hondartza bakarra dago, Karraspio, itsasgora dagoela 28.380 m▓-ko azalera du eta itsasbeheran, aldiz, 140.380 m▓-koa. Zerbitzu ugari dago bertan, sorosleak, hondartzazainak, dutxak, iturriak, komunak, aldagelak, paperontziak, megafonia zerbitzua, oinen garbitokia, panel informatiboak, etab.

Horretaz gain udaran lau taberna egoten dira zabalik, eta baita izozkiak saltzeko lekuak ere.
Ingurugiro Hezkuntzarako Europako Federazioak ematen duen Bandera Urdin saria ere lortu du azken urteetan.
Bertan hainbat aktibitate burutu daitezke: Eguzkia hartu, bainuak, palas jokatu, paseoak burutu, submarinismoan aritu, hondartzako futbolean, boleibolean, piraguetan, e.a.

Inguru paregabeaz eta bista zoragarriez gozatzeko aukera ematen du. Aurrez aurre San Nikolas edo Garraitz uhartea dugu, eta Lekeitioko portua ere ikusten da. Beste aldera begiratuz, berriz, natura paregabea ikusten dugu, mendi eta zelai ederrez inguratua.

Haitzak

Itsasoa eta Haitzak.

Haitzei dagokienean, jendea eguzkia hartzen egoteko itsas bazter ugari dago. Toki hauetako gehienetan jendea eguzkia hartzen egoten da haitzetan, baina egokitu gabe daude.

Bada gune bat egokiturik dagoena Mendexako Baurdo auzoan, Hatxazpiko Lapatza (Itsas gain) eremuan. Bertara jaisteko eskailera batzuek egokitu dituzte barandila edo helduleku eta guzti, eta, gainera, mahaiak, eserlekuak, zakarrontziak eta iturriak ere badaude inguruan.

Likona Baserria

Likona Baserria.

Mendexako baserririk zaharrena da, XVI. mende hasieran eraiki zen jatorriz likonatarrena zen orubean. Leinu honetakoa zen Loiolako Inazioren ama.

Habeak haritz-enborrez eginda daude, eta egitura ere egurrezkoa du.

Orain dela gutxi egindako berrikuntzek asko aldatu duten arren, oraindik ere agerian ditu familiaren ezkutua, puntu erdiko arku itxurako atea eta leiho bikoitzeko arku ojibala

Maria Errota

Maria Errota.

Itsas errota zahar baten urmaela mugatzen duen dikea.

Itsasoaren mareak bultzatzen duen errota berezi hau Lekeitioko Hiriak fundatu zuen 1555ean (orduan Mendexa Lekeitioren menpeko zen) eta 1625ean berregin egin zuten.

Itxura erregularreko eustarri batek mugatzen du urmaela eta itsasgoran betetzen zen. Gero, ura piskanaka askatzen utzita, gurpil hidraulikoa biraka hasten zen.

1980an etxea bota egin zuten. Gaur egun dikea eta ur-depositua baino ez daude.

Antzinako Itsas Lantegiak

Antzinako Itsas Lantegiak.

Lea ibaiaren bokalean daude, Isuntzako zubiaren alde banatan. Egurrezko itsasontziak egin eta konpontzen zituzten bertan, artisau-lana da guztiz.

Lantegion egitura XIX. mendearen amaieran eta XX. mende hasieran berritu egin zituzten, baina Erdi Aroko kokapen beretsua mantendu dute. Zutoin hutsen gainean paratutako teilatu handi batzuk besterik ez dira egituraz, itxiturarik gabeko estalpeak. Ontziak uretaratzeko harlanpak eta uretatik goratzen laguntzeko errailak izaten dituzte.

Bizkaian eta seguruenik Kantauri osoan, estilo zaharreko untzitegi bikainenak ditugu Leakoak, eta, nahiz eta gaur egun erabilpenik ez izan, ontziak itsasoratzeko karrilak oraindik hor diraute.

Leize-Zuloak

Leize Zuloak.

Bi koba nagusi ditu Mendexak: Argota I eta Argota II.

Ad Vinculako San Pedro Parrokia

Ad Vinculako San Pedro Parrokia.

Zelaia auzoan dago, muinoaren tontorrean, frontoiaren alboan eta udaletxearen parean.

Estilo gotiko-barrokoa du eta XVI.-XVIII. mendeetan eraikitakoa dugu.

Elizpe txikiaren gainean du kanpandorrea, eta aurrealdean horma puntalatua.

Kanposantua

Kanposantua.

Zelaia auzoan dago, eliza eta frontoiaren alboan. Atearen gainean heriotza irudikatzen duen buruhezurra ikusten da eta goraxeago, harrizko gurutze batean, 1903ko inskripzioa. Honela dio:

Anayaak
zuek orain zariana gulenguiñian
oraingariana zuek laster izangozara dirialako
labur larrita contuak gure lurreko egunak
P.TPN
JOB. C.XIV V.XXIX.

Santa Luzia Ermita

Santa Luzia Ermita.

Leagi auzoan aurkituko dugu. XVI. mendekoa dela uste da. Barne-luzego bakarreko eraikina da, kanpotik nabaritu daitekeen gurutze oina daukana.

Aurrealdean muturrean amaitzen den kanpandorrea dago. Margo askotako berinez hornitu eta oxkadura ernagarriez burututako argi-bahea ere badago; sei hostoko lorea irudikatzen duena

Leagi Dorretxea

Leagi Dorretxea.

Iarzako Adanen jabetzako ahaide nagusien borroketako ordezkari ederra dugu. Leagi auzoan kokaturik dago; oin angeluzuzenaren gaineko eraikin kubikoa da, huts-guneak, ertzak eta aurrealdea harlanduz buruturik dituena.

Erdiko leiho bien bitartean eta ate nagusiaren gainean Leagi familiaren harmarria du: luma eta molorrikaz orlatutako kaskoa eta behealdean ume edo aingerutxo bi, gorago laurdenetan banatutako armak ageri dira, lehenengoa eta laugarrena basurdea eta bigarrena eta hirugarrena zortzi muturreko izarra.
XVIII. gizaldiko jauregi barrokoa da.

Lea Goikoa Jauregia

Lea Goikoa Jauregia.

Leagi auzoan dago, harlangaitzezko horma bakoitzean 9 bider 4 neurriak eta lodierako 80 cm. dituen eraikin handia da, XIX. mendean eraikitakoa, estiloz neoklasikoa.

"Etxe gotortu" deritzon eraikin motaren ezaugarriak ditu: bertikaltasunik eza, huts-gune eta ertzetan harlanduz indartutako harlangaitzezko hormak, ate mako-zorrotza...

Baserriak

Baserri bat.

Baserria, udalerri honetako gizartea etengabe egituratu duen elementua da.

XVIII. mendeko baserriak:
Iturraspe, Likona auzoan kokatuta dago, Agarre, hau ere Likonan, trujela eta sagardoa egiteko tresnak artatzen ditu, Leagi Basterretxea (Leagi auzoan)...
Baserri neoklasikoak:
Algorta baserria, Zubiko etxea eta Bista Alegre etxea, 1879. urtean eraikia.
Kronologian zehaztuezineko baserriak:
Leagi-etxebarri, Leagi auzoan; Agarre goikoa, Iturreta auzoan eta Mendexakua, Zelaia auzoan.

Isuntza Zubia

Isuntza Zubia.

Lea ibaian dago, Lekeitio Mendexako Likona auzoagaz komunikatzeko. Begi bakarra eta puntu erdiko arkudun zubia.

Oinezkoak eta automobilak ibaia zeharkatzeko ibiltzen da.

Leagi Zubia

Leagi Zubia.

Lea ibaia zeharkatzen du honek ere, bere funtzioa Lekeitio-Aulesti errepidea Hospitalzarra deritzon eraikinagaz lotzea da, hau da, Ispaster Mendexagaz. Harrizkoa da eta puntu erdiko arku nahiko handia du. Begi bakarra dauka, azpitik ibaian gora edo behera doazen txalupak igaro daitezen.

Zelaiko Gurutzea

Zelaiko Gurutzea.

Leagi auzorako bidea erakusten duen oinarri karratu baten gaineko harrizko gurutze handia da.

Leagiko Gurutzea

Leagiko Gurutzea.

Zutarri toskanar bati eutsita oinarri lauangeluarra dauka, eta beronen gainean besoak biribilduta eta erdian harrizko zirkulu batetan batuta amaitzen den harrizko gurutze txikia. Leagi dorretxetik hurbil dago.

Likona Auzoko Gurutzea

Likona Auzoko Gurutzea.

Kareharrizko zutoi oktogonal baten gainean dago, gurutzeak bere besoen bilgunea inguratzen duen oxkadura biribila duena.

Inskripzioa du: "Se construyo a espensas de la barriada de Likona a˝o 1896" Alboetan zera irakurri daiteke: "por Francisco de Uzcolay y por Francisco de Goikoetxea".

Ospitale Zaharraren eta San Juan Ermitaren Aurriak

Ospitale Zaharra.

Eraikin bitxia dugu berau. Lekeitio-Aulesti errepidearen ezkerretara dago, Amorotoko Oleta auzora heldu orduko, Lea ibaiaren beste aldeko ertzean. Dexente hondatuta dago, eta jakinaren gainean egon gabe bisitan doan batek arraroa iritzi dakioke eraikin garrantzitsu honi.

Itxurari dagokionez, harlangaitzezko hormaz eraikitako harri mukulu handia da, maila bitan erauzia. Oin lauangeluarra eta neurri handiak ditu. Lurraldeko (Lekeitio, Amoroto, Gizaburuaga, Ispaster eta Mendexa) osasun egoeran betebehar oso garrantzitsua izan zuen.

Gaur egungo kokapena urrunetik urrun dago, eta honez gain errepideak gehiago isolatzen du; bere komunikazio bidea Leagi zubia da.

Cookie-en Erabilera:
Leaibarra.com-ek, geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu.
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa, Elexalde 1 - 48289 GIZABURUAGA - Tel: 946842982 - Emaila: leaibarra@bizkaia.org - Web-Mapa - Irisgarritasuna - Lege-oharra - Cookie