Lea Ibarra Amankomunazgoa - Munitibar - Aulesti - Gizaburuaga - Amoroto - Mendexa

Lea ibaia Mendexatik
Lea Ibarreko Historia
Lea Ibarrako Historia

Lea Bailara - Lea Ibarreko Historia

Sarrera

Lehenagoko aztarnarik baden arren, Erdi Arorarte ez da apenas datu zehatzik.
Epe honetatik 1850 ingurura arte nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza izan ziren gizarte eta ekonomiaren oinarriak. Merkataritzarik ere ez zen sortu (Munitibarren beste herrietan baino gehiago), eta artisautzarik ere ez apenas. Beren premiak asetzeko gai zirela esan liteke, beharrezko zitzaizkien elementuak (jantzi, oinetako, tresneria...) eurek egiten baitzituzten, inora jo behar izan gabe.

Ekonomia eta lan-jarduerak

  • - Nekazaritza: Iraultzarik handiena, zalantzarik gabe, artoak ekarri zuen XVI. mendean. Beste zituak baino askoz hobeto egokitu zen Lea Ibarreko ezaugarrietara, eta, gariarekin baino uzta hobeak lortzen zituztenez, nagusitu egin zen hainbat urteren buruan: artoaren ekoizpena gariarena baino garrantzitsuagoa zen XVII. mendean.
    Abereen elikadurarako erabiltzen omen zen hasieran, uzta txarrek eta goseteek familien jaki nagusi bilakatzera behartu zituen arte. Artoak beste aldaketa garrantzitsu bi eragin zituen; bata luberriketa prozesua, hasieran lur utziak hartu ziren artoa lantzeko, baina laster bazka lurretara eta basoetara ere zabaldu zen; bestalde, lanik gabeko urtaroa ekidin zien nekazariei.
  • - Abeltzaintza: larre-lurrak artoa lantzeko hartu zirenean nekazaritza piska bat baztertu bazuen ere, abeltzaintza funtsezkoa zen garai hartako gizartean, okela, esnea eta larrua ahalbidetzeaz gain, diru-sarrera garrantzitsua baitzen. Gainera, abereak ezinbesteko lan-indar eta ongarri-iturri ziren.
  • - Basogintza: nekazaritza eta abeltzaintzatik zetozkien diru-sarrerak osatu eta aldi berean uzta txarraren ondorioak samurtzen laguntzen zien jarduera honek, gaztainak eta ezkurrak bilduz giza eta abere elikadura ziurtatzen baitzituzten. Hain zuzen, gaztainondoa eta haritza ziren basootako zuhaitz-mota hedatuenak. Baina batez ere eraikuntzarako, etxeak berotzeko eta burdinolen erregaitarako erabiltzen zen basotik lortutako zura. Mendeek aurrera egin ahala, udal zorrak kitatzearren mendi komunak zirenak saltzeari ekin zieten eta piskanaka pribatu bilakatu ziren denak.
  • - Burdinolak: Erdi Aroan dute sorburua baina Antzinako Erregimenean (1600-1850) izan zuten garrantzi gorena. Ibaien ertzetan eta basoetatik hurbil kokatzen ziren -ikatza eta uraren indarra ezinbestekoak ziren makinak martxan jartzeko-.
    Jabeak inguruko aberatsak izan ohi ziren eta kasu gehienetan maizterrei errentan uzten zizkieten. Hainbat krisiren ondoren, Antzinako Erregimena bukatu zenerako onenak emanda zeuden bailara honetan. Herri batzuetan garrantzi handiagoa izan zuten besteetan baino, baina nolanahi ere, bertako produkzioa ez zen handiegia izan, komunikazio zaileko eta merkataritza eskaseko bailara izaki.
  • - Errotak: industri mota hau garia eta artoa irin bihurtzeko premiatik sortua da, eta beraz nekazaritzaren menpeko ekintzabidea izan da beti. Antzinako Erregimenean izan zuen garrantziarik handiena.
    Burdinolak baino ugariagoak izan ziren inguru honetan, eta baita premiazkoagoak ere, garia eta artoa nekazari guztiek ehotu behar izaten zuten neurrian. Lotura zuzen honen ondorioz, uzta txarrek eta krisialdiek nekazaria adina kaltetzen zuten errotaria.

Gizartea

Jabetza guztiak leinu-familia gutxi batzuen esku bildu ohi ziren kasurik gehienetan.

Botere ekonomikoa eta politikoa kontrolatzen zuten (industri aberastasuna, burdinolak eta errotak), eta gainerako jende guztia maizter hartzen zuten euren lurrandeetan.

Antzinako Erregimenaren hondarrean jabe-kopuruak behera eta maizterrenak gora egin zuen ikaragarri. Hiru arrazoirengatik batez ere: batetik, foru-legeek ez zuten jabegoa semeen artean banatzen lagatzen, eta oinordekoa ez beste senide guztiak maizter bilakatzen ziren edota emigratu egiten zuten; bestetik, jabe txikiek krisiari aurre egin ezinean erraz galtzen zituzten ondasunak; eta azkenik, luberriketak errentarako lurrak ugaltzeko bidea ematen zuen.

Zinez latza zen maizter gehienen bizimodua. Errentak ordaintzeko lain irabazteko gogor lan egin behar izaten zuten, eta sarritan, krisien ondorioz, hondoa jo eta errenta ordaintzeko adina sos ere ez zutenean, maileguak eskatu behar izaten zituzten. Mailegu hauen zorra kitatu ezean galerak sekulakoak izaten ziren. Jabe txikiaren kasuan, ondasun guztiak utzi eta maizter bilakatu beharko zuten. Txiroenek, berriz, hurrengo urteko uzta eskaini beharko zuten maileguaren trukean. Hura ere uzta txarreko urtea egokitu ezkero, akabo.

Cookie-en Erabilera:
Leaibarra.com-ek, geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu.
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa, Elexalde 1 - 48289 GIZABURUAGA - Tel: 946842982 - Emaila: leaibarra@bizkaia.org - Web-Mapa - Irisgarritasuna - Lege-oharra - Cookie