Lea Ibarra Amankomunazgoa - Munitibar - Aulesti - Gizaburuaga - Amoroto - Mendexa

Lea Ibarra ibilbidea

Turismoa - Txangoak - Hainbat Ibilbide Leatik Hurbil

Arretxinagako San Migel Ermita.

Arretxinaga San Migel Ermita.

Jose Lizardik berritu zuen 1734. urtean.

Santutegi hau bakarra da Euskal Herri osoan eta bisitatzen duen jende guztia txunditzen du.

Sarreraren parean probaleku zaharra dago.

Ispaster.

Ispaster zehar Ibilaldia

Muino batean eratuta dago herri-kaskoa. Udalerriak 22,7 km²-ko azalera du eta bertan 624 biztanle bizi dira. Biztanle-dentsitateari dagokionez, 27,5 lagun bizi dira kilometro karratuko.

Giza jardueraren lehen aztarnak mesolitiko garaikoak dira. Arrantzale-uztabiltzaile talde bat bizi zeneko koban aurkitu dira.

Interes historikoa eta kulturala duten eraikinak:

San Migel Parrokia, XV. mendekoa.
San Martin eta Santiago ermitak, XV. mendekoak.
Zubieta jauregia. Martin Zalduak eraikitako jauregi hau patio zentral baten inguruan altxatuta dago. Bi dorre zorrotz ditu fatxadan, eta parke eder bat inguru guztian.
Arana jauregi barrokoa. Aurrealdea harlanduzkoa du eta bi dorre sendoren artean dago. Jauregiaren sarrera XVIII. mendeko baserrien sarreren tankerako arkupe batek osatzen du. Izatez, 1500. urteko baserri gotiko baten gehikuntza da.
Axpe Aurrekoa baserria. XVI. mendekoa.
Aixeder errota. Pedro Bernardo Villarreal de Berrizek eraiki zuen, lehorte luze batek ur-errotak geldiarazi zituenean. 1745. urtera arte bakarrik erabili zen. Barruko tresneria ez da gorde, baina harrizko dorreak zutik dirau.
Ogella hondartza

Gernika.

Gernikan zehar Ibilaldia

Gernika-Lumo, edozein tokitik Euskal Herrira datozen bisitari askorentzat derrigorrezko bisitagai da. Busturialdeko eskualdeko udalerria dugu, Oka ibaiaren aranean kokatzen da, 8,6 km²-ko azalera hartzen du eta 15.500 lagun inguru bizi dira bertan.

Interes artistiko eta kulturaleko elementuen artean:

Andra Mari parrokia: gotikoa da estiloz eta herriaren tokirik altuenean dago kokatuta.
Alegria jauregia: XVIII. mendearen erdian eraiki zuten. Harlanduzko etxaurrea, burdinesizko balkoiak eta Allende Salazar sendiaren armarria ditu. Euskal Herria Museoa jauregi honetan bertan dago.
Bizkaiko Foru Artxibategia: Lumoko antzinako udaletxea zen, 1832an eraiki zuten. Artxibategi honetan Bizkaiko Jaurerrian buruturiko jarduerekin zerikusia duten agiri guztiak biltzen dira, besteak beste, Foru Zaharra.
Santa Klara komentua.
Jaurerriko Aintzinako Ospitalea: Santa Klara Komentuari erdi-puntuko arku bidez lotuta dago.
Gernikako Arbola, Antiguako Andra Mari Eliza, Juntetxea: Antonio de Etxebarria jaunak eraiki zuen XIX. mendean, estilo neoklasiko garbienean; eraikuntzaren nukleoa Antiguako Andra Mari eliza da, gaur egungo Bizkaiko Biltzar Nagusietako Batzar Aretoa dena. Aipagarria da barnealdean duen beirate itzela (235 m²).
Juntetxeak Gernikako Arbola, Euskal Herriaren eta bertako erakundeen bide historiko luzea sinbolizatzen duena gordetzen du bere baitan.

Henri Moore-ren "Large Figure in a Shelter" eskultura.
Bakearen Monumentua: Eduardo Txillida eskultoreak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz burutua da eta "Gure Aitaren Etxea" izenburua ipini zion. 1988ko apirilaren 27an inauguratu zen.
"Astelehena Jai" baserritarren monumentua.
Gernika gudaroztearen Oroimenezkoa
Euskal Diasporaren Aretoa
Europako Herrien parkea
Udetxea Jauregia. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatoaren egoitza.

Ospe handikoak dira, bestalde, Gernikako urriko feriak eta azokak.

Lea-Artibai, Kostako Errepidea.

Lea Artibaialdean Ibilaldia

Kostaldeko paraje ederrez gozatzeko aukera ematen digu ibilbide honek. Padurak, kostako ibarbideak eta lepo txikiak bistaratuko zaizkigu eta inguruko fauna eta flora aberatsa ezagutu ahal izango dugu. Lehen etapa arriskutsua da eta ondo prestatuta joatea eta gida baten laguntza izatea komeni da.

Lehen etapa.
Ispasterreko Ogella hondartzan ekingo diogu ibilbideari. Bertara heltzeko, Ispaster herria zeharkatu behar da, Eara doan errepidetik goazela, eskuinera joko dugu aparkalekura iritsi arte. Aparkalekuan atsedengunea dago.
Ogellako hondartzan Flysch izeneko egitura geomorfologikoa ikusiko dugu: lur-azal urratuak garbi erakusten du olatuen etengabeko erosioa.

Kosta-lerrotik mendebalderantz joko dugu, eta itsaslabar ikusgarri honetatik hautsitako lehen harkaitzak agertuko zaizkigu. Natur gune garrantzitsua da zinez. Mendebalderantz jarraiki, Santa Katalinako lurmuturrera helduko gara. Itsasargiraino segitzen badugu, bidexkaren eskuinean senaia ikusiko dugu eta bertan itsas mailan dagoen kobazuloa (Historiaurreko molusku-biltzaileen bizilekua omen zen).

Hemendik Lekeitioko San Juan Talako begiratokira joko dugu, kanoi-zulo zaharrak eta Lekeitioko gotorlekuen eta defentsaren aurriak aurkituko ditugu. Begiratoki honetatik Garraitz uhartea, Lea Ibaiaren bokalea, Salvaje eta Karraspio hondartzak eta beste hainbat paraje ikusi ahal dira.

Bigarren etapa.
Lea ibaiak sortzen duen paduran ekingo diogu bigarren etapa honi. Paduraren bi aldeetara dauden hondartzez gain, untzitegi zaharra bisitatuko dugu. Bertan egiten ziren Lekeitio ospetsu egin zuten merkataritzarako itsasontziak eta belaontziak. Maria Errotaren dikea ere bertan dago. Zubietako jauregi barrokoa ezin dezakegu bisitatu gabe utzi. Ekosistema oso berezia da bertakoa: ihitzak, tamarizak, arteak, zuhaitz exotikoak, 34 lore-mota, ur-txoriak, ornodunak...

Kosta-lerrora itzulita, Karraspio hondartza zeharkatuko dugu eta Artzabal lurmuturrera helduko gara. Begiratoki paregabera hauxe. Aurrera jarraituta, 56,6 kilometroan, abiapuntura itzultzeko bi aukera daude: oso automobil gutxi dabilen errepidetik aurrera edota itsasbeheran haitzetatik eta itsasertzetik.
Bai batetik eta bai bestetik joanda itsas labarrak eta bainuak hartzeko, urpekaritzan aritzeko edota arrantzarako senaia txikiak aurkituko ditugu. Halaber, errekatxoen bokaleetan mikroklima bereziak sortzen dira, eta flora eta fauna aberatsa aurkitzen da: gurbitza, ereinotza, iratze-mota desberdinak, espezie tropikalak....

Lehen ibarbidea, Endai, 57,5 kilometroan dago. Alboan senaia txiki eta polit bat dago. Bainuak har daitezke bertan. Bigarren eta hirugarren ibarbideen artean (Ikutza eta Ur-Salto), 59. eta 60. kilometroen artean, itsasaldera ematen duen begiratoki bat aurkituko dugu, ITXASGAIN deiturikoa. Ostatua dago bertan.

Hirugarren etapa:
Itxasgain-Santa Klara. Etapa hasi eta berehala, 62. eta 64. kilometroen artean, ibarbide sare handi bat aurkituko dugu: Portu, Errekazabal, Burgaina eta Arretxako erreka.

Ibarbide hauetan landaredia izugarri ederra da eta 65,5. kilometrora bitartean beste begiratoki bat topatuko dugu, Peña Frail deituriko lekuan. Senaia txiki bat pasatu ostean, bi aukera izango ditugu: haitzetara jaitsi eta bainua hartu edota aurrera jarraitu eta bainua Santa Klarara heltzen garenerako utzi.

Santa Klaran beste bi aukera ditugu:

- Altaria lurmuturreko haitzetara jaistea.
- Santa Klara muinora igotzea. Oso bista ederrak (itsasoa, Artibai ibaiaren bokalea eta badia, Arrigorri eta Saturraran hondartzak, Ondarroako portua, Santa Mariako eliza gotikoa eta ibaia...).

Lekeitio.

Leketion Ibilaldia

Lea ibaiaren bokalean, Garraitz uharteak babesten duen senaia naturalean eraikita dago. 1325 urtean fundatu zen.

Udan biztanle-kopurua bikoiztu egiten bada ere, udalerriak dituen 1,8 km²-ko azaleran 7.430 lagun bizi dira. Inguruko herriekin konparatzen badugu, herri honen biztanle-dentsitatea izugarria da, 4.128 pertsona bizi baitira kilometro karratu bakoitzeko.

Herri-kaskoak bi area ditu zeharo bananduta. Batek bi kantoi eta lau kale aldapatsu eta paralelo ditu (Apalloa, Azpiri, Intxaurrondo eta Bergara). Hiriko alderik zaharrena da. Bestea Gipuzkoa, Markina eta Gernikatik zetozen galtzaden alboan eraiki zen eta alde zaharraren luzapena zen.

Garai bateko harresiaren aurriak ikus daitezke Lekeition. Erdi Aroko etxerik ez da jada, Uriarte Dorrea ez bada.

Interes artistiko eta kulturaleko elementuen artean aipatzekoak:

Santa Maria eliza gotikoa: Euskal Herriko arte gotikoaren erakusgarri dugu tenplu eder hau. Oinarrizko egitura XV. mende erdialdekoa dugu eta horri koroa erantsi zitzaion XVII. mendean eta kanpandorrea XVIII.ean. Barruan erretaula gotiko flamenkoa aurkituko dugu, 1510. urtekoa.
Jesusen Konpainiaren eskola.
Uriarte jauregia. Erdi Aroko dorre baten inguruan eraikita dago. 1677an Lucia Longak jauregi barroko klasizista bihurtu zuen. Eskualdeko arkitekturaren adibiderik garbiena dugu. Pedro Bernardo Villarreal de Berriz XVIII. mendean urtegiak berriztatu eta modernizatu zituen aristokrata bizi izan zen bertan.
Santo Domingo komentua (Berpizkunde garaikoa).
Turpin Dorrea. XVI. mendeko jauregi urbanoa. Berpizkunde garaiko estiloan egina dago baina joera gotikoa ere ezagun zaio. Harlanduz egina dago.
Uribarria, Oxangoiti eta Torrezabal jauregiak
Garraitz uhartea eta San Nikolas ermita.
Arrantza-portua eta bertako etxeen begiratokiak.

Festa ikusgarriak ospatzen dira irailean, San Antolinetan.

Lekeitiotik Santutxu ermitara (Markina-Xemein).

Lekeitiotik Santutxura

1.- Lekeitio - urtziaga.
Lekeitioko Iturriotz eskolaren alboko bidetik ekingo diogu ibilbideari. Bide honek Kurtziagaraino eramango gaitu aldapan gora. Bide erdian Ormaegi baserria dago (XVIII mendekoa). Kurtziagara heltzean Zatikara doan bide asfaltatua hartuko dugu.

2.-Kurtziaga - Abitara.
Errepide asfaltatutik eta aldapa handi bat igo ostean bidezidor bat hartuko dugu Txanton Torre baserriraino. Bertan iturria dago. Gero, aldapa behera jarraituko gatzaizkio Lekeitio-Munitibar errepidera heldu arte.

3.- Abitara, Bolunburu, Amoroto.
Lea ibaia zeharkatzen duen zubia hartuko dugu. Babolina ibaiaren ezkerretik doan bideari jarriki, aldapa bat igo eta Aldasolo baserria aurkituko dugu. Amorotoraino segituko dugu.

4.- Amoroto - Odiaga Auzoa.
Amorotoko hilerriko bidetik egingo dugu aurrera, Odiagara doan bide asfaltatutik. Auzoan ezkerreko bidea hartuko dugu.

5.- Odiaga - Goierri Eskola.
Bideari jarraiki, 500 metrora bidegurutze batera helduko gara. Hemen errepide asfaltatua hartuko dugu eskumatik eta, Pagazulo igaro ostean, Gontzolaira doan bidea hartuko dugu ezkerrean. Goierriraino segituko dugu.

6.- Goierriko Eskola - Santutxu.
Eskolatik aurrera jarraituko gatzaizkio Urrudegi baserrira heldu arte. Bertatik jarraiki, Santutxu ermitara helduko gara arazorik gabe.

Maria Errotako ibilbidea eta Lumetza mendia (Mendexa-Lekeitio).

Mar Errota Ibilbidea

Lekeitio eta Mendexa artean dagoen zubian ekingo diogu ibilbideari. Marierrota ingurura doan bidezidorra hartu behar da eta Marierrotaren andaparara helduko gara. Andaparak duen hormatik aurrera eukalitu-baso batera iritsiko gara. Hortik Telleria baserriraino jarraituko gatzaizkio eta ondoren, baserria atzean utzita, errekatxo baten parera helduko gara. Berau gurutzatuta bidezidorra artadian sartzen da. Harriz jositako bidezidor estu eta aldapatsua da hemendik aurrera. Bertatik padura inguruetako eraikuntzak ikusiko ditugu (ontzitegiak, Zubieta jauregia, Madalena ermita eta hainbat baserri). Aurrera jarraituko dugu, uraren ertzeraino. Bertan angulak harrapatzeko tokia ikusiko dugu.

Bidezidor estu honetatik aurrera antzarren jaietan erabiltzen diren txalupen ontzitegiraino helduko gara. Hemendik Lea Behekoa baserriraino joko dugu eta, alboan duen zubia gurutzatuz, Lekeitioko errepidea hartuko dugu. Ehun bat metro egin ostean, eskumako pistari jarraiki urertzera helduko gara berriro.

Ibaiaren beste aldean, lehen egindako bidezidorra ikusiko dugu. Hari jarraiki Madalena ermitara helduko gara eta, bertan, Lekeitiorako espaloia ikusiko dugu.

Lekeition gaudela, Dendari kale ondoko antzinako bidea hartuko dugu Lumetza mendirantz. Bide erdian ur-biltegia aurkituko dugu, eta leku paregabea da Lekeitioko kaskoa ikusteko.

Hor bi bide har daitezke:

- Argiena eta errazena, tontorreraino doana.
- Lumetzako kobarantz doan bidea. Mendi osoari bira emanez, tontorrera doan galtzadara helduko gara. Bertatik herrira jaitsiko gara bueltan.

Markina-Xemein.

Markina-Xemein-dik Ibilaldia

1355. urtean fundatua. Gaur egungoa Xemein eta Ziortza elizateen eta Markinaren eta Bolibarren arteko batasunaren ondorio da. Garai bateko harresiaren aztarnarik ez da gorde, ezta etxerik ere, baina gaurko eraikin askok banaketa gotikoa dute, esate baterako Antxia eta Ansolegik eta Solarte eta Andonegi jauregi barrokoek.

Hiri honen harresiek babesten zuten eliza XIX. mendearen erdi aldera bota zuten. Hala ere ondare historiko handiko herria da. Aipamena merezi dutenen artean:

- Hilerri neoklasikoa.
- Herri-kaskoa.
- Jauregi barrokoak.
- Udaletxea.

Nabarriz.

Nabarrizera Ibilaldia

Iluntzar mendiaren magalean dago herri txiki hau. Lerika, Merika, Eleizalde, Uribarri, Zabaleta, Intxaurraga eta Ikazurieta auzoek osatzen dute.

1964. urtean Gernikara bildu zen, baina 1987an banandu egin zen berriro. Gaur egun oso udalerri dinamikoa da. Hau ere, Lea Ibarra bezalaxe, 70eko hamarkadan ia zaharren egoitza bilakatu zen, gazte guztiek etorkizun faltaz alde egin baitzuten. Gaur egun, mantentzeko joera du bertako populazioak.

Udalerri menditsua da eta ekosistema baliotsuak gordetzen ditu (zati handi bat Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan sartzen da).

Ondarroa.

Nabarrizera Ibilaldia

1327an fundatutako hiria dugu, eta Artibairen azken meandroan eraikita dago. Orografia malkartsu eta garratzera egokituta dago urbanizazio guztia. Lau kale zaharrenak Santa Maria eliza gotikoan biltzen dira.

Hiriaren babes-murruaren aztarnarik ez da gaur egun, ezta garai bateko etxeen aurririk ere, besteak beste, frantsesek erre egin zituztelako 1794. urtean. Likona dorrea eta Etxeandia bakarrik gelditu ziren zutik.

Ondarroan ez dago jauregi aristokratikorik. Hala ere, oso esanguratsua dugu Zubizarra deituriko zubia.

Elementurik bereziena parrokia bera dugu. Itxura honetako bakarra da Euskal Herrian.

Likona dorrea: Erdi Aroko herri-kaskoaren parean dago, aldapan tinko. Maila desberdintasun handiak dituzte aurreko eta atzeko fatxadek. Eraikin hau harriz eraiki zen 1500. urtean, baina gerora hainbat bider berritu da. San Ignazio Loiolakoaren ama bertakoa zen.

Ondarroatik Santutxu ermitara (Markina-Xemein).

Ondarroa Santutxu Ibilaldia

Hamar bat kilometroko tartea da.

1.- Ondarroa - Azterrika.
Ondarroako zaharren egoitzatik irten eta Azterrikarantz doan bideari jarraituko gatzaizkio. Muinoaren tontorrera 15 bat minuturen ostean helduko gara, eta bide asfaltatua hartuko dugu. Arretxa, Ikatza eta beste hainbat baserritatik igaroko gara Azterrikako San Lorentzo ermitarako bide honetan. Azterrikan Lekeitiorako bidea utziko dugu.

2.- Azterrika - Milloi.
Bide asfaltatutik gora Azkartzegi auzoraino egingo dugu. Hemen eskubira jotzen duen bidea hartuko dugu Kalamendi mendira. Milloiraino segituko dugu.

3.-Milloi - Ateun - Ituino.
Eskubirantz doan bidezidorra hartuta Eizmendi auzotik pasatuko gara, Ateun beserri-gunetik.

4.- Ituino - Santutxu.
Bideari jarraiki Santutxuko bidegurutzera helduko gara eta bertatik eskumarantz joko dugu. Bidezidorrari jarraiki helduko gara Santutxuko ermitara.

Santimamiñeko leizea.

Santimamiñe Leizea

Ereñozar mendiaren magalean dago, itsas mailatik 150 metrora, Kortezubi udalerriaren lurretan. San Mames ermita ere bertan dago.

Jolasean ari ziren haur batzuk aurkitu zuten koba 1916an. Balio eta garrantzi historiko eta kultural handiko lekua dugu.

Hala erakusten dute bertako historiaurreko aztarnategiek eta pintura eta grabatuek. Azterketek diotenez, margoak Madaleniense arokoak dira eta, beraz, 13.000 urte baino gehiago dituzte, eta tinta beltzez eginda daude.

Santutxutik Bedartzandira, Markina-Aulesti.

Santimamiñe Leizea

1. Santutxu Emita - Txepatxabixe.
Hegoaldetik bidezidor bati jarraiki Lauzirika auzora helduko gara eta, bertan, eskubitik asfaltuzko bide bati jarraiki, beste bidegurutze batera helduko gara. Hemen ezkerreko bidea hartuko dugu, gora doana. Atsola baserria inguratuz Txepetxabixe deituriko lekura helduko gara. Aurreraxeago atseden hartu ahal izango dugu basoaren itzaletan.

2. Txepatxabixe - Bedartzandi.
Bidezidor batetik gora, artez, ereinotzez eta gorostiz beteriko basoan barneratuko gara eta bertatik Axpelarrera helduko gara. Hemen Bedartzandiko bidea hartuko dugu. Ondoren Urregaraiko landetara jaitsiko gara. Bertan garelarik, Santa Eufemira jo genezake, igoerak hementxe baitu abiapuntua.

Simon Bolibar Museoa.

Simon Bolibar

Errementarikua baserrian dago eta Simon Bolibarren oinordekoena da.

Hainbat berrikuntza egin ostean, 1983ko uztailaren 24an inauguratu zuten, Simon Bolibarren bigarren mendeurrenean.

Bildumak bolibartarren historia eta etnografi lanak erakusten ditu.

Urdaibai Biosfera Naturala.

Ibilbidea Urdaibai

Euskal Herriko paisaia erakargarri eta paregabeetariko bat eskaintzen du Urdaibaik. 230 kilometroko azalera dauka eta 22 udalerritako lurraldeetara heltzen da, esate baterako Munitibarrera.

Bizkaiko Golkoko zonarik esanguratsuenetariko bat da, eta itsaslabar, hondartza, baso, ibai, marisma, padura eta bista ederrak eskaintzen ditu, balio ekologiko bariatuenekoak.

Ukaezina da eremu honen aberastasuna: Unesco-k Biosfera Erreserba deklaratu zuen 1984an, eta Eusko Legebiltzarrak ingurune babestutzat hartu zuen 1989an.

Ziortza Kolegiata.

Ziortza Kolegiata

Oiz mendiaren magalean dago, Bolibartik pare bat kilometrora eta Gerrikaitzetik zazpi bat kilometrora.

Eliza honek, artzapezpikurik ez zuen, abade batek gobernatzen zuen, baina katedraleen pareko ofizio liturgikoak egiten ziren.

Fundatu zenean galtzada aldapatsua egin zioten Bolibartik. Galtzada hau sasiak ezkutatuta egon da 1982an aurkitu zuten arte.

Antza, X. mendean fundatu zen Ziortzako Kolegiata. Kondairak dioenez, 968. urteko Asuntzio egunean eraiki zen. Egun hartan, Garaiko Santa Luzia ermitan meza entzuten ari zirela, arrano batek bertako hilerriko buruhezur bat atzaparretan hartu, sastraka-inguru batera jo eta bertan erortzen utzi omen zuen buruhezurra. Bertan eraiki omen zen Kolegiata. Armarria kondaira horren ispilu dugu.

Ziortzako Kolegiata Kalahorrako artzapezpiku Gonzalo de Menak berritu eta zabaldu zuen 1380. urtean.

1851n Kolegiata zena parrokia bilakatu zen.

1954ko urriaren 15ean sute batek hondatu egin zuen. Ospitale zaharra, abadearen etxe berria eta klaustroaren alboko etxeak erabat suntsitu zituen.

Azken urteetan berrikuntza handiak egin zaizkio.

Cookie-en Erabilera:
Leaibarra.com-ek, geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu.
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa, Elexalde 1 - 48289 GIZABURUAGA - Tel: 946842982 - Emaila: leaibarra@bizkaia.org - Web-Mapa - Irisgarritasuna - Lege-oharra - Cookie